Arloak >

'Propuesta para un parque megalítico en Oiartzun'

Bilaketa:

HARRESPILEN BIDETIK

  • Data:2009/04/10
  • Idazlea:AITZIBER MUGA

HARRESPILEN BIDETIK

Aitziber Muga

Noticias de Gipuzkoa

10/04/2009

 

 OIARTZUNEN 60 mairubaratz edo cromlech daude. Bailara harrespilen herria dela esan daiteke. Honela, historiaurreko obra misteriotsu hauen aberastasuna nabarmentzeko, ingurukoen sentíberatasuna suspertzeko eta eraikuntzen ezaguera bultzatzeko Antón Mendizabal eskultore donostiarrak 1990ean, Oiartzungo Udalaren laguntzaz, parke megalitiko baten aurreproposamena aurkeztu zuen. Proiektu horren arabera, herriko hamabi multzotan cromlech bakoitzaren ezaugarriak irudikatzen dituen eskultura bat kokatzen da eta figura horrek hurrengo multzora nola joan erakutsiko luke. Mendizabalek berak azaldu zuenez, eskultura horien funtsezko egitura estelarena edo hilarriarena da eta lurra eta zeruaren arteko lotura kosmikoa barneratzen dute. Estela hauek giza tamainaren inguruko neurriak izan beharko luketela aipatu zuen artistak.

 Bailara zeharkatuz

 Mairu-baratzen taldeek bailara zeharkatzen duten ardatz bat osatzen dute. Elizalde, Oiartzungo erdiguneko auzoa, eta Aritxulagaina artean kokatzen dira bi altuera desberdinetan. Lehenengo eraikinak, herritik gertuen daudenak, 324 metroko garaiera ez dute gainditzen. Hemen aurkitzen dira Elorritako Gaina, Aritxurieta, Urkullu-Txiki Egia eta Egiar sailak.Gainontzekoak, -Basate, Oianleku I, Oianleku II, Munerre, Kauso I, Kauso II, Aritxulagaina eta Errenaga- bigarren maila batean daude, 610 eta 813 metro bitartean. Aritxulagaina da cromlech multzo ugariena eta garaiena eta bailararen gailurrean kokatzen da.

Argibide guzti hauek Mendizabalek berak eman zituen iaz Oiar­tzungo udaletxean hilerri ondoan kokatuta dagoen Sutar eskulturaren inaugurazio egunean. Aurkezpen hori bere parke megalitikoaren aurreproiektua berriz azaltzeko erabili zuen eta multzo bakoitzean ipiniko zukeen eskulturen maketak erakutsi zituen: "Eraikin megaliti­ko guztiak ez dira berdinak. Batzuk harri altuago bat dute, beste batzuk barrua okupatua dute, guztiek berezitasunen bat dute", azpimarratu zuen.

Nahiz eta parke megalitikoaren ideia asmatu zuenetik hainbeste urte igaro, 19 urte hain zuzen, Mendizabal oraindik prest dago proiektu hori egi bihurtzeko.

Oiartzungo Udalarentzat ere oso egitasmo interesgarria da eta ez du baztertzen, baina gaur egun plan guzti hauek aurrera eramateko dagoen arazorik larriena finantzazio falta da.

 

Oteizaren omenez, ´Sutar´

 

2008ko.abenduaren 26an Antón Mendizabalen Sutar: Oteizaren itzala eskultura inauguratu zuen Oiartzungo Udalak. Udaletxeko pleno aretoan obra honen bilakaera azaldu zuen artistak. Burnizko zortzi tonako eta bost metro garaiko lanak Oteizaren omenez egina da eta Oiartzunen hain ugariak diren historiaurreko cromlechak irudikatzen ditu. Hilerri gainean kokatuta dago, eskultorearentzat kokaleku ezin hobea da hori "inguru sakratua" delako. Gainera, han dago Peña Gantxegik Gerra Zibileko hildakoen omenez eginiko Frontoi Pareta. Horrezgain, kanposantuko gaina talaia ezin hobea da eskultorearentzat, eguraldi onarekin zutarriaren norabidea jarraituz herriko mairubaratz altuena ikus baitaiteke. Handik Egiar, Errenaga, Aritxurieta, Basate eta Elorrietako gaina iragar daitezke.

Agentzia: prismacm