Categorías >

Ikertze & lagunak

Búsqueda:

IKERTZE ARTEAREKIN JOLASEAN

 

 

NAGORE IRAZUSTABARRENA

Argia. 2005eko martxoaren 27a

 

 

IKERTZE ARTEAREKIN JOLASEAN

 

 

Dena prest dago Ikertzeren egoitza barruan, Donostiako Puion: Ikertzeko arduradunak, proiektu honetako kolaboratzaileak eta Anton Mendizabal eskultorea, "Pilotaz" izenburuko erakusketako obrak eta guzti. Kanpoan, autobuskada bat haurren burrunba. Aitor Ikastolako haur hezkuntzako 40 ikasle dira eta hiru egunetan Anton Mendizabalen "Pilotaz" eskultura sorta ezagutu, bide batez pelotaren munduan barneratu, eta eurak ere sortzaile bilakatuko dira "Pilotaz haur artean" izeneko egitasmoari esker. Play Stationa nagusi den garaian, 40 haur eskulturekin jolasean?

Gela batean eseri dira haur guztiak. Parean, mahai gainean "Pilotaz" erakusketako piezak, tamaina txikian. Eta egilea, haurrak adi adi dituela, azalpenak ematen hasi da. Eskultura sorta hiru multzotan banatzen da. Lehena frontoiei dagokie. "Baina frontoiak sortu baino lehen non egiten zuten pilotan?" galdetu die Anton Mendizabalek. "Belardietan, zelaietan..." erantzun dute, egun batzuk lehenago ikastolan ipini dieten bideoa adi ikusi duten seinale. Eskultura batek bi puntu ditu agerian eta haurretako batek "horiek pilotak izan al daitezke?" galdetu du, eta Mendizabalek baietz, "bakoitzarentzat artelana norberak ikusten duena" dela. Nabari du Mendizabalek 25 urte irakaskuntzan eman dituela, gustura dago haur artean, eta haurrak ere gustura berarekin. Artista, isila ala berritsua izan daitekeela azaldu die, artelan batean elementu asko erabiltzen dituenean berritsua dela, eta isila, nahi duena modurik sinpleenean, ahalik eta elementu gutxien erabiliz, adierazten duenean. "Orduan, pieza hau zer da? Isila ala berritsua?" bota du eskultore oiartzuarrak frontoietako bat seinalatuz. "Berritsua!" denek batera. Eta segidan beste guztiak asmatu dituzte, berehala ulertu baitute kontzeptua.

 

Pilotan egiteko tresnen txanda da orain. Haurrek erraz ikusi dute helduoi gehiago kostatzen zaiguna, hots, eskultura bakoitzak zer irudikatu nahi duen. Egurrezko pieza batek hutsune borobila du; pilota da. "Baina benetan hemen pilota al dago?" eskultorearen galdera. "Badago eta ez dago", erantzuna. "Eta hori zer da? Magia!" esan die Antonek, sormenak misterioa ere baduela gaineratuz.

 

Hirugarren multzoan, pilotariaren posturak daude irudikatuak eta Mendizabal sorkuntza prozesuaz ari da. Prozesu horretan eskultura bizitza hartzen hasiko dela dio, eskulturak hitz egiten duela, eta entzun behar zaiola.

 

Azalpenak amaituta, haurren txanda da, haiek izango dira hemendik aurrera sortzaile. Baina lehenago aholku bat eman die: "Sortzaileak askatasun osoa du, nahi duena egiten du. Zuek ere berdin, nahi duzuena egin dezakezue". Bi taldetan banatu dira haurrak. Erdiak tailer grafikoan jardungo du lehenik eta, bitartean, beste erdia musika tailerrera joango da. Amaitutakoan, alderantziz egingo dute.

Tailer grafikoan, lehenik, egitasmoaren afitxa egin beharko du haur bakoitzak. Horretarako lehenik eskultura batzuk aukeratu eta tailerrera eraman beharko dituzte. Pieza gainean hartu eta nahi adina uki dezakete, eta lehenago Antonek esan bezala, esaten duena entzun. Gero eskultura horren irudiak izango dituzte eskura, edozein tamainatan, eta pilotaren argazkiak, eta letrak... Guraizeak eta kola eskuan, nahi duen kartela sortuko du bakoitzak, Jone Bergara eta Itziar Oria kolaboratzaileen laguntzarekin. Apurka-apurka, emaitzak mahai gainean pilatzen doaz eta haurretako bat -"hau berritsua da, hau isila, hau ere bai..."- bere ikaskideen lanak deskribatzen hasi da. Baita asmatu ere.

 

Bitartean soinu tailerrean Andrés Doñate eta Oihana Picos Baschet musika tresna berezien aurkezpena egiten ari dira. Haur bakoitzak tresna bat joko du. Juantxo Egaña argazkilariak "Pilotaz" egitasmorako eginiko lanari soinua jarri behar diote. Soinu banda berezia asmatu ondoren, entseatu eta prest dagoenean grabatu egingo dute.

Datozen egunotan soinu tailerretik frontoira joango dira, bertan soinuak sortu eta grabatzeko. Eta azken egunean dena bilduta irudi eta soinu konposaketa osatuko dute.

Tailer grafikoak ere frontoira eramango ditu haurrak, postura eta keinu ezberdinetan argazkiak ateratzeko eta gero haiekin jokaldiak grafikoki irudikatzeko. Azkenik soinu tailerrean sortutako CDarentzat azala diseinatuko dute tailer honetan

.

Egitaraua amaituta, gurasoei emaitzak ikus eta entzun ditzaten gonbitea luzatu zaie, baita gehienek erantzun ere. Zuriñe Adrada Ikertzeko koordinatzaileak egindako guztiaren berri eman die eta berehala, emaitzak ikustera joan dira gurasoak haurren eskutik. Aurkezpen laburraren ondoren, eurek hartu baitute artelanak erakusteko erantzukizuna, egindako lanak ematen dien harrotasunez. Egin dutena erakusteaz gain, batzuek Mendizabalen eskulturen azalpenak eman dizkiote aita edota amari, beste batzuk pelotaren inguruan ikasi dutena irakasten saiatu dira... "Artista naiz, ama!" esaten ere entzun dugu mutiko bat.

 

Haurrak joan dira eta isiltasuna itzuli da Ikertzera. Proiektua prestatzen eta etengabe fintzen egindako lan luzearen emaitzak dastatzeko ordua da. "Horrelako uneak oso bereziak dira artistentzat —dio eskultoreak—, gaurkoa ezustekoa izan da niretzat. Harrituta geratu naiz nola barneratu duten dena, nolako ahalmena duten hiru egunetan egur zati batzuren aurrean kokatu diren bezala kokatzeko".

 

Zuriñe Adrada ere gustora dago: "Ahozko transmisiotik harago, jokoan sartzen direnean, bizipenak dituzte, hori barneratu egiten dute, eta ezagutza sakonagora iristen dira horrela. Galdetu egiten zaie, helduak bezala tratatzen ditugu, prozesuaren protagonista dira eta hori oso positiboa da, bestela ez dituzten erantzukizunak hartzen dituztelako. Irakaspen prozesuan objektu eta subjektu bihurtzen dira une horretan".

 

ARTEAREKIN HEZI

 

Duela 20 urte sortu zen Ikertze. Batetik, Oteizarekiko harremanak bultzatu zuen proiektua. Oriotarraren ideietatik, hizkuntza konparatuen laborategietatik hartu zituzten kontzeptuak. Bestetik, teknika jorratzeko, Italiako Bruno Munariren "Giocare con l'arte" laborategietako esperientziari begiratu zioten. Hasieran Donostiako San Telmo museoan zuen egoitza eta laborategi grafikoa zen soilk. Egun Donostiako Puio kaleko eskoletan ari dira eta tailer grafikoaz gain, musika eta antzerkia ere jorratzen dituzte. Ikertze & Elkartuak dira egitasmoak abian jartzen dituztenak. Ikertze Zuriñe Adrada eta Blanca Zaraguetak osatzen dute; Elkartuak, proiektu bakoitzaren arabera biltzen dituzten kolaboratzaile taldeak.

Bi bide nagusia jorratzen dituzte: balore heziketa eta heziketa estetikoa, beti ere hizkuntza artistikoetatik bideratuak. Horretarako hainbat programa molde erabiltzen dute. Batetik, eskoletako bidea dago; eskola bertatik lehen hezkuntzan bete beharreko helburu jakin batzuk iristen zaizkie eta horren gainean proiektu kontestualizatuak garatzen dituzte, globalak, ez esparru bakar bati lotuak. Bestetik, erakusketa espazioen dinamizazioan ere aritzen dira eta, esaterako, Kutxaren erakusketetan tailerrak antolatzen dituzte. Azkenik, orriotan azaldu dugun moldea dago, erakusketa eta tailerra batzen dituena. Artista eta haurrak harremanetan jarri eta esperientzia partekatu bat prestatzen dute, non haurrek sormen prozesuan parte hartzen duten. Haurrez gain, adinekoekin ere esperientziarik badute Ikertzen eta emaitza positiboekin gainera. "Adinekoek lotsa galdua dute, -dio Adradak- haurren lotsagabekeria hori dute. Joko bat ona denean berdin funtzionatzen du haurrekin edo helduekin. Baina hori da zailena, joko on hori sortzea, eta horretarako umiltasuna eta ofizioa behar dira".

 

ARTISTA ETA GIZARTEA

 

Anton Mendizabal haurrengana hurbildu da egitasmo honetan. Baina bere erakusketetan helduentzako bisita gidatuak ere eskaini ohi ditu. Artistak bere obra azaltzea gaizki ikusia omen dago artearen munduan, kategoriaz jaistea-edo omen da, beste batzuei dagokien lana. "Niri ederki iruditzen zait sortzeko soilik dagoen sortzailearen jarrera, beste ezertan denborarik galdu nahi ez duen artistarena" dio Antonek. "Nik horrelako gauzetan denbora ematen badut, hori nire obran, nire emaitzetan nabarituko da. Baina hor dago bakoitzaren aukera". Zuriñe Adradak dionez, "hor artistaren zerbitzu soziala sartzen da; momentu historiko batzutan zerbitzu hori oso nabaria izan da, beste batzuetan ez hainbeste... eta artearentzat momentu zailak dira hauek". Egun, artista eta bere artea gizartearengandik urrun daudela dio Mendizabalek; "orduan, artistak esango dizu artistak beti gizartearen aurretik joan behar duela, eta horregatik dagoela gizartetik urrun. Baina zuk nola dakizu aurretik edo atzetik zoazen? Eta atzetik bazoaz, zer? Orduan gizarteak zure obraz paso egingo du, egiten duzunak ez du inoiz ezertarako balioko, ez du zerbitzurik eskainiko". Hori dela eta egun funtzionatzen ez duen artista asko ornen dago. "Haurrengana edo orohar gizartera hurbiltzen bazara, ordea, eta zure artea eskaini, egiten duzun apur hori aprobetxatu egiten da eta gizarte honetan rol bat jokatzen duzu" bukatu du Antonek.

 

 

Agencia: prismacm