Categorías >

'Frontones Oteiza' en Azkoitia

Búsqueda:

HILAREN AMAIERAN INAUGURATUKO DUTE "JORGE OTEIZA FRONTOIAK" MULTZOAREN LEHEN FASEA

 

IRENE ELORZA

Berria.. Ostirala, 2006ko urriaren 13a

 

HILAREN AMAIERAN INAUGURATUKO DUTE “JORGE OTEIZA FRONTOIAK”MULTZOAREN LEHEN FASEA

 

Bide onetik doaz obra eskultoriko-arkitektonikoa eraikitzeko lanak, proiektua diseinatu dutenen ustez.

 

Anton Mendizabal eskultoreak eta Carlos López Ceballos arkitektoak diseinatutako Azkoitiko Jorge Oteiza frontoiak multzo eskultoriko-arkitektonikoa gauzatzeko obren lehen fasea San Andres jaietan inauguratuko dute, hilaren amaieran, eta egunotan biak ari dira lanen nondik norakoak jarraitzen, Azkoitiko Aingeru kalean, Gurea frontoiaren aurrealdean.

Hormigoi zuria da obraren «gako nagusietako» bat, Mendizabalen ustez. «Material honek ematen dio eskulturari itxura». Orain dela 14 urte sortutako ametsa gauzatzen ikusten hasi dira Mendizabal eta López Ceballos, eta lanaren neurriek apur bat izutzen dituztela antzematen da. «Ez dago atzera bueltarik, eginda dago, eta hemen geldituko da betiko», dio López Ceballosek. Eta Jorge Oteizaren hitzak dakartza gogora irribarrez: «Zerbait perfektua izateko, akats tiki bat egon beharra dago».

«Beldur handia izaten da horrelakoetan», Mendizabalek dioenez. «Hasieran ideia bat daukazu, maketa batean gauzatzen duzu, eta hori bideragarria den edo ez ikusten da. Teorian oso ondo geratzen da, baina gero praktika dator, eta beldurra izaten duzu bide hori noraino aterako den aurrera ikusteko. Egia esan, inpresio ona dut. Ikusmira ezberdinak izaten dira eta akatsak ikusten dituzu, eskulturan gertatzen den moduan, baina badoa eta ez dago akats handirik. Alderantziz, nire ustez lorpen handiak daude».

Lorpenik handiena «pareten akabera» da, Mendizabalen ustez. «Hau ez dago margotuta, hormigoi zuria da eta badakit hori lortzea ez dela erraza. Garbitasun handiarekin egin dute, eta zailtasun handiak izan dituzte. Hori oso positiboa da, eta lana oso ondo egina dagoela uste dut».

Kanpoko egiturak bukatuta daude, eta barruko elementuak ari dira egiten orain. «Bi pilotaleku daude, trinketa eta arkupea, barruan pilotarako tresna batzuk dituztenak, eta horiek denak egurrezkoak dira. Azken emaitza labirinto bat bezalakoa da», Mendizabalek dioenez. «Bisitariak joan behar du dena deskubritzen, pilotalekuz pilotaleku».

Oteizaren filosofiari eutsiz, Mendizabalek eta López Ceballosek diseinatutako eskultura erraldoiak ukitzeko, bizitzeko eta bere barruan sartzeko eginak daude. Azkoititik etorrita, Gipuzkoa frontoi-arkupeak ematen dio ongietorria bisitariari. Egurrezko sabaia duen pilotaleku txikiak Azkoitiko Kontzejupeko frontoiaren antza du, eta jokorako bihurrienetakoa izango da ziurrenik. Ondoan, zestapuntako frontoi luzeak, frontoi klasikoa, trinketa, errebote plaza eta zimitoriokoa izango ditu, Euskal Herriko lurralde bana ordezkatuz.

Etorkizunean proiektuari emango zaion erabilerak kezkatzen ditu egileak. «Propaganda ona egiten bada eta erakusten bazaie euskaldunei hemen zer dagoen, arrakasta izan dezake. Teorian funtzionatu behar du, baina atzetik proiektu batek egon behar du guztiari edukia emateko», adierazi du Mendizabalek.

Mendizabal eta López Ceballosen proiektu zabalaren bigarren fasea plaza libre baten eraikuntza izango da, lur azpiko aparkalekua egitearekin batera, egun azalean dagoenaren ordezkoa; eta hirugarrenak hainbat elementu hartuko ditu. trinketa, pilotari buruzko museoa, erakusketa gela, Azkoitiko pilotan eskolaren egoitza, federazioetakoak...

Agencia: prismacm