EUSKALDUN BERRIARI ESKER ONA ETA AITORTZA
I
Munduan badira heroi handiak, miresten ditudanak: Ghandi, Martin Luther King edo "Che" Guevara; badira, halaber, beste batzuk, jende askok heroitzat hartzen dituenak eta nik batere miresten ez ditudanak, Napoleon, esate baterako, heroitzat ere ez dudana, egia esan, kriminal handitzat baizik, Azoresko hiru errege magoak bezalatsu, misilak gamelutzat dituztenak, derradan, bide batez. Eta badira, azkenik, heroi txikiak, anonimoak, egunerokotasunari lotuak bizi direnak, eskuzabaltasun handiz, eta nik neuk heroi handitzat ditudan horiek bezainbeste miresten ditudanak. Gaurko Euskal Herrian, euskaldun berria heroi txiki horietako bat da, halakotzat jo dute behintzat Bizarrain kultur elkarteko kideek -zorionak guztiei, bide batez, hain ideia bikainagatik-, halako eran, non hemen Altzan monumentu bat eraikitzea pentsatu baitzuten euskaldun berriaren ohoretan. pentsatu ez ezik, pentsamendua gauzatu ere bai, hementxe dugu froga, Antton Mendizabalen eskultura berdingabea bitarteko -Antton nire laguna da, konturatuko zineten-, ea ekitaldi honen oihartzuna Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzen den, lau haizeetara.
II
Badakigu politikari eta ez-politikari askoren berri: euskararen alde mintzatu arren, nahi lukete euskara hilotz: hortzik erakutsi gabe -hizkera politikoki zuzenenean betiere, hori bai-, erakusten dizkigute mila hortz, sentiarazten gaituzte geure herrian eta geure lurrean arrotz.
Beste batzuek, aldiz, euskararen alde agertu ez ezik, egin ere egiten dute euskararen alde zerbait ilusioz, Kilometroak, Nafarroa oinez.: guztiak ere ongi etorriak betoz! Horietako batzuek, gainera, ekin ere ekin diote euskara ikasteari gogoz, nahiz eta azkenean bidean geratu diren motz, "joan naiz a la playa", "nik semeari erosi naiz galtzak". baina nor-nori-nork da-eta, mekauen zotz!
Badira, azkenik, euskara ikasteari ekiten diotenak zintzo eta zorrotz baita helmugara iristen ere, euskaldunon boz eta euskaldunon poz: euskaldun berria da, euskaldun berri maite-maitagarria, Altzako talaia honetatik biziki goratzen dudana, ez baita euskararekin hotz, ez baitu nahi euskara dezaten lurpean ehortz, baizik eta hots egin dezan, hots eta hots, euskara ikasteko izan baitu adore eta izan baitu bihotz, bihotzean euskara daramanak bihotzean monumentu bat daramalakotz; ni bezalako jende askoren ustetan, Euskal Herriko herri bakoitzean beste monumentu bat merezi duelakotz, euskaldunokin ezti baita eta ez mingots:
zu, euskaldun berri hori, euskaldunon boz eta poz, boz eta poz, poz.
(Pausa)
Monumentu hau edukazio onari -galde diezagutela bestela guri, euskaldunoi-, ekologiari -hizkuntza oro herri baten arimaren zuhaitza da- eta sentiberatasunari eraikitako monumentu bat ere bada: azken esaldi honek ez du errimarik osatzen, baina bego horretan.
P.D.: Aurreko hitzak uler nahi ditzanak gogoan izan beharko du Victor Hugok Euskal Herrian zehar 1843an egin zučn bidaian esandakoetatik zerbait, esaldi hau, adibidez: "Esaiozue hitz bat euskaraz mendian baserritar bati: esan aurretik gizon bat zinen, esanda gero anaia". Puntu horri dagokionez, euskaldun askok berdin-berdin segitzen baitugu, baita menditik hirirako jauzia eginda gero ere.
|
|